“Gaixotasun kardiobaskularrak lehen heriotza eragile dira Estatuan, eta intzidentzia hazten ari da"

Actualizado: 26 de sep de 2019


Luis Sollet, Asunción Klinikako kardiologoa


Asunción Klinikako kardiologo Luis Sollet doktorearen arabera, prebentzioa gako da gaixotasun koronarioak saihesteko, zeinak heriotzen lehen eragile diren Espainian. Kontuan hartu beharreko pausoak xehatu ditu hurrengo elkarrizketan.


Zergatik da horren garrantzitsua arrisku kardiobaskularrerako faktoreak zaintzea?

Faktore hauek eragindako gaixotasun koronarioak Espainiako heriotz eragile nagusiak direlako, minbiziaren eta arnas aparatu gaixotasunen aurretik. Hipertentsioa, tabakoa, estresa, diabetesa, obesitatea edota kolesterola bezalako arrisku faktoreak zaintzea gako da gaixotasun hauek kontrolatzeko.


Zenbatekoa da gaixotasun kardiobaskularren prebalentzia Estatuan?

2017an 110.000 lagun hil ziren Espainian gaixotasun kardiobaskularren eraginez. 2018an, 122.000. Horrek erakusten du hildakoen zifrak gora egiten duela urteek aurrera egin ahala.


Zifra horiek kontutan, iruditzen zaizu herritarrak jabetuta daudela gisa horretako faktoreak zaintzeak duen garrantziaz?

Kontsultan paziente talde ezberdinekin aurkitzen naiz. Batzuk oso kontzientziatuta daude prebentzioa egiterako garaian: dieta zorrotza egiten dute, tentsio mailak bildu eta kontsultara eramaten dizkizute, kolesterolaz arduratzen dira, etab. Bestetik, pertsona talde handi batek ez daki gaixotasun hauek prebenitzeko garrantziaz. Herritarrak kontzientziatzeko lana egunerokoa da. Osasun sisteman lehen mailako arretan hasten da hori, eta, espezialitate ezberdinetatik igaro ostean, kardiologarengana iristen da. Bakoitzak pazienteak konbentzitu behar ditu arrisku kardiobaskularrerako faktoreak zaintzeak duen garrantziaz, eta mota horretako gaixotasunak nola aurreikusi azaltzeaz. Lan hori komunikabideei ere badagokie, eta baita horri buruzko hitzaldi, ikastaro eta formazioak egoteari ere.


Zeintzuk dira arrisku kardiobaskularrerako faktoreak?

Aldatu daitezkeen eta ezin daitezkeenen artean banatuta daude. Azken horien artean daude, esaterako, adina, sexua edota genetika. Aldiz, beste batzuk aldatu daitezke. Horren adibide da tabakismoa, zeina oso faktore garrantzitsua den. Erretzaileek gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko hiru aldiz arrisku gehiago dute. Hiperkolesterolemia da beste faktore arriskutsu bat, eta baita hipertentsioa ere.


Ez dira bakarrak, ordea.

Hori da. Hor dago mellitus diabetesa ere, gaixotasun kardiobaskularretan gero eta garrantzi gehiago duena. Halaber, ez dira ahaztu behar elikadura ohitura txarrak, edota estresa.


Nolakoa izango da Topiceko hitzaldia?

Hitzaldia baino gehiago, parte hartzaileek haien zalantzak azaldu eta argituko dituen konferentzia interaktibo bat izatea da xedea. Adibidez, publikoari galdetuko diogu zein presio arterial den egokia. Halaber, kolesterol onari eta txarrari buruz ere galdetuko dugu, edota erretzeari uzteak duen garrantziari buruz. Konferentzia protokolarioa baino, parte-hartzailea izango da. Hori garrantzitsua da pertsonak kontzientziatzeko.

© Assumptio Proinnova Fundazioa 2019

  • Facebook
  • Twitter
  • YouTube