Parkinsona: jatorri ezezaguna baina ondorio errealak dituen gaixotasuna

Pazientearen nerbio sistemari eragiten dion gaixotasun neurodegeneratibo kronikoa da Parkinsona. Munduan zazpi milioi lagunek pairatzen dutela kalkulatzen da, Espainian kopuru hori 160.000koa den bitartean. Zer den, eta pertsonei nola eragiten dien azalduko dizuegu.

Berak sortutako dardarengatik ezaguna bada ere, Parkinsona sintoma horrez gaindi doan gaixotasun konplexuagoa eta hondo gehiagokoa da. Nerbio sistemako trastorno neurodegeneratiboa da, sendabiderik ez duena, eta jatorri ezezagunekoa. Kasu gehien dituen bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da, Alzheimerraren atzetik, eta munduan zazpi milioi pertsonari eragiten dio. Espainian, kaltetuen zifra 160.000 pertsonakoa da, eta 10.000 kasu berri diagnostikatzen dira urtero.


Parkinsonak burmuinaren erdiguneko neuronak kaltetzen ditu, substantzia beltza bezala ezaguturiko eremukoak, eta horrek dopaminaren gutxitzea eragiten du; gure organismoko neurotransmisorea da. Horrek pertsonak bere mugimenduengan duen kontrola nahasten du, dardarak eragiteaz gain. Alabaina, ez da Parkinsona duenak pairatzen duen sintoma motor bakarra; zurruntasuna, bradizinesia –mugimenduen geldotzea–, nahiz ibiliaren eta orekaren trastornuak ere baditu. Nolanahi ere, kalkulatzen da pazienteen portzentaia altu batek, %30-40 inguruk, ez duela bere sintomarik bisualena, dardara, pairatzen.


Aldiz, sintoma motorren azaleratzearen aurretik Parkisona aurreikusi dezakete beste faktore batzuek. Esaterako, aldartearen nahasmenduak, arazo gastrointestinalak, memoria arazoak edota loaren nahasmenduak dira horietako batzuk. Gainera, kasuen %40ean depresioa da gaixotasun honen lehen adierazlea.


Aldartearen eta loaren nahasmenduek, nahiz arazo gastrointestinalek eta memoria arazoek Parkinsona aurreikusi dezakete

Egun, Parkisonak ez du sendabide ezagunik, baina zenbait botikak bere efektua baretzen laguntzen dute. Muturreko kasuetan, kirurgiak eta elektrodoen erabilerak gaixotasun honen eraginak baretu ditzake.


Zifrak, goruntz

Gaixotasun neurologikoak dira ezgaitasun gehien sorrarazten dituztenak, eta horien artean Parkinsonak du hazkunde indizerik handiena. Arrazoia argia da: adin handiko pertsonen artean eragin gehiago duen gaixotasuna da, eta biztanleria zahartzen ari da. Hala, 2040. urterako munduko Parkinson kasuen kopurua zazpi miloitik 12ra igoko dela aurreikusten da.


Parkinsonaren faktore ez-moldagarrien artean adina da nagusiena; gaixotasun hori kasurik gehienetan 60 urtetik aurrera azaleratzen da, baina kasuen %15 pazienteak 50 urte bete aurretik diagnostikatzen da, eta sarriago ematen da gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Horrez gain, gaixoen %28 diagnostikatu gabe dagoela irizten da; urtebete eta hiru urteren artean jaso ohi du diagnostikoa pazienteak.


2040. urterako munduko Parkinson kasuen kopurua zazpi miloitik 12ra igoko dela aurreikusten da.




© Assumptio Proinnova Fundazioa 2019

  • Facebook
  • Twitter
  • YouTube