Eskuen higieneaz kontzientziatuko du Asunción Klinikak maiatzaren lehen hamabostaldian


  • Maiatzaren 5ean Eskuen Higienearen Munduko Eguna ospatzen dela eta, astelehenean, hilak 6, mahai informatibo bat jarriko da Klinikan, erabiltzaileei eskuen higiene ona mantentzeko moduak adierazteko

  • Klinikako bloke kirurgikoko gainbegirale Aintzane Pérezek herriari irekitako eskuen garbiketako ikastaroa eskainiko du maiatzaren 13an, 18:30ean, Belaten

  • OMEren datuen arabera, eskuen garbiketa on batekin haurren beherako-infekzioen %44 saihestuko litzateke, eta arnas-infekzioen %25


Igande honetan, maiatzak 5, Eskuen Higienearen Munduko Eguna ospatzen dela eta, Asunción Klinikak pazienteak, erabiltzaileak eta, orokorrean, herritarrak, eskuak ondo garbitzeak duen garrantziaz kontzientziatzera bideratuko du hileko lehen hamabostaldia.


Osasun Gaiak ekimenaren barruan dago kanpaina, eta maiatzak 6 astelehenez hasiko da Klinikako sarreran jarriko duen mahai informatibo batekin. Mahaiaren helburu nagusia erabiltzaileei infekzio nosokomialak zer diren azaltzea izango da, eta baita eskuen garbiketa noiz eta nola egin behar den ere. Halaber, erabiltzaileei soluzio hidroalkoholikoko poteak emango zaizkie, liburuxka informatiboez gain.


Mahaiaren helburu nagusia erabiltzaileei infekzio nosokomialak zer diren azaltzea izango da, eta baita eskuen garbiketa noiz eta nola egin behar den ere

Handik astebetera, maiatzak 13an 18:30an, Klinikako bloke kirurgikoko gainbegirale Aintzane Perezek ikastaro-solasaldi bat emango du Belate Osasun Zentroan (Rondilla kalea, 56, Tolosa). Han, ospitaleratze aldian kutsatzen diren infekzio nosokomialek ingurune klinikoko arrisku faktore gisa duten garrantzian, kalte horiei aurre egiteko eskuen higiene onak duen garrantzian eta garbiketak noiz eta nola egin behar diren sakonduko du. Interesa dutenek comunicacion@clinicadelaasuncion.com helbidearen bidez eman dezakete izena. Horrez gain, hamabostaldi honetan zehar materiale informatiboa eskegiko da Asunción Klinikako sare sozialetan eta Assumptio Proinnova Fundazioaren webgunean.


90.000 heriotz baino gehiago urtean

Infekzio Nosokomial deritze osasun arretako guneetan ospitaleratutako edo arreta jasotako pazienteen infekzioei. Maila honetan sartuko lirateke zentroetan kutsatutako langileak ere. Kalkuluen arabera, ospitaleratutako pazienteen %7k, 15etik 1ek, infekzio nosokomial bat pairatzen du. Espainian 700.000.000 € kostua du urteko. Gainera, infekzio nosokomialek urteko 90.000 heriotz eragiten dituzte Europar Batasunean. Adituen arabera, gaixotasun horien 2/3 prebenitu daitezke neurri egokiak hartuz gero, eskuen garbiketa horretarako praktika eraginkorrenetako bat izaki.


“Kontzientziazio sozial bat badago esku garbiketaren inguruan, baina azkenean horren neurri sinpletzat hartzen da, ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen”.

Aintzane Perezen arabera, “Eskuak ondo garbitzeak biziak salbatzen ditu, ospitale eremuan bereziki, baina ez hor bakarrik. OMEren datuen arabera, haurren beherako-infekzioen %44 saihestu liteke esku garbiketa on batekin, eta baita arnas aparatuko infekzioen %25 ere”. Halaber, gainbegiraleak adierazi du badagoela “kontzientziazio sozial bat esku garbiketaren inguruan, baina azkenean horren neurri sinpletzat hartzen da, ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen”.

© Assumptio Proinnova Fundazioa 2019

  • Facebook
  • Twitter
  • YouTube