"Desnutrizioa duten pertsona haiek guztiek hauskortasuna izango dute"

Joseba Muñoz doktore geriatrak 'Desnutrición y Fragilidad en la Persona Mayor' hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean, ekainak 20, 18:00etan Tolosako Zerkausian, Asunción Klinika Assumptio Proinnova Fundazioaren bidez aurrera eramaten ari den Osasuna Kalean kanpainaren barruan. Hurrengo elkarrizketan hauskortasunaz ari da, 65 urtetik gorakoen %10-15i eragiten dion arazoari, eta urteek aurrera egin ahala esponentzialki igotzen baita.


Zein da hauskortasunaren eta desnutrizioaren arteko ezberdintasuna?

Geriatrian hauskortasun deritzogu pertsonen bizi kalitateari eragiten dien egoera kronikoei, eta bereziki, adinduen arlo funtzionalari eragiten dioten hari. Desnutrizioa, bere aldetik, nutrizioari eragiten dion sindromea da, eta hauskortasuna areagotu dezake. Pertsona asko daude elikadura ona izan arren hauskortasuna dutenak, baina, kurioski, desnutrizioa duten pertsona haiek guztiek hauskortasuna izango dute.

Hauskortasuna dependentziaren aurreko egoera da...

Hori da. Adinduei dagokienean, gaixotasun kronikoa dependentziaren sinonimoa da, eta aurreko pausua da hauskortasuna. Lehen koska horretan jardun behar dugu, osasuntsu dagoen adindua ez dadin hauskor bilakatu. Hori litzateke bigarren koska.

Nola eragin lehendabiziko koskan?

Maila medikoan, Lehen Mailako Arretan edo adinekoen egoitzetan kasu, saihestu egin behar dugu hauskortasun hori haustea, gaixotasun izatera igarotzea. Izenak dioen moduan, 'hauskor'-ek esan nahi du edozein momentutan hautsi daitekeela. Ez soilik hausturengatik, baita arnas aparatuko infekzioengatik, eta abar. Kontuan izan bronkiti kronikoa, arazo kardiakoak, diabetesa edo hipertentsioa dituen pertsona bat hauskortasun egoeran dagoela, baina gaixotasunean ez diola eragin. Eragiten dion unean dependentzia egoeran egongo da.

Biztanleriaren zein ehunekok pairatzen du hauskortasuna?

Etxe batean pertsonen %10-15ek pairatzen du desnutrizioa. Hauskortasuna 65 urtetik gorakoen %7 eta %12ren artean dago, baina adinean gora esponentzialki igotzen da. 70 eta 80 urteren artean %25 eta %30era igarotzen da. Logikoki, adinekoen egoitza batean ia %100ekoa da, ez hauskortasuna soilik, dependentzia baizik.

Nola heldu arazoari?

Printzipioz, lehen zatia norberari dagokio, bera baita sendagilerik onena. Baita formazioan, informazioan eta prebentzioan lan egitea ere. Oso garrantzitsua da lan hori. Agian, orain hargatik biziko gara denbora gehiagoz: jendeak badaki zer den kolesterola, zein den txarra, ariketa fisikoak duen garrantzia, etabar. Bigarren, Lehen Mailako Arreta nabarmenduko nuke. Kontzientzia izan dezagun gaur asko ditugula egiteko, ez, esaterako, neumonia bati dagozkion ospitaleratze kostuak aurrezteko, haratzago baizik. Bizi kalitatea ere hobetzen digu, eta prebentzioaren arlo hori oinarrizkoa da nire ustez. Eta, bereziki, elikadura ona, ekintza sozialak eta ariketa fisikoa hauspotu behar ditugu adinduen artean.

Egia al da hauskortasun egoeran dauden pertsonek egoki jateari uzten diotela, eta horrek beren egoera okertzen dutela?

Arazoa ez da ondo edo gaizki jaten duten. Elikadura txarraren arazoa defentsen eskastea da, infekzioak sortuz, arnas aparatuan bereziki. Organu guztietan eragingo digu, eta arazo handienetakoa da sarkopenia izango da: ahultasun orokorra, muskularra, erorketa arriskua... Haustura batek ahuldadea ekartzen du, eta dependentziara eramaten gaitu.

Nola jakin pertsona bat gaizki elikatua dagoen?

Desnutrizioa duen 88 urteko pertsona bat ez dago ondo ala gaizki jateagatik, behar duena ez duelako jaten edo bere behar energetikoak handiagoak direlako baizik, izan haustura bat izan duelako edo ospitalean egon delako. Badaude bestelako faktoreak ere. Adibidez, depresioak edo bakarrik bizitzeak pertsona hori gaizki jatera daramate. Parametro askok eragiten dute, batzuetan egoerari dagozkionak, erosketetara ezin joana edo arazo ekonomikoak izatea kasu.

Ariketa fisikoak nolako garrantzia du hauskortasuna saihesterako orduan?

Batera doazela uste dut. Hauskortasunaren arazo handienetako bi sarkopenia eta funtzionaltasun arazoak dira. Hau da, ez dugu lehen bezala funtzionatzen: oreka eta indar faltak eragina dute horretan. Ariketa fisikoak horiek berdintzen dituenez, ezinbestekoa da adineko pertsona batentzat.

Zertaz ariko zara osteguneko hitzaldian?

Desnutrizioan jardungo gara ikuspuntu mediko batetik. Adinduei dagokienean bere kausak zedarrituko ditugu. Zahartzea, gaixotasunak, bakardadea, arazo ekonomikoak, ilusio falta. Elikadura txarraren ondorioez ere ariko gara: hauskortasuna, sarkopenia, infekzioak... Amaitzeko, prebentzioaz ariko gara. Zer egin dezakeen gizarteak hauskortasuna prebenitzeko, hasi lehen mailako arretatik eta administrazioraino, politikariengandik igaroz.



© Assumptio Proinnova Fundazioa 2019

  • Facebook
  • Twitter
  • YouTube